Galde egin dit nire homonimoak, etxeko ispiluetatik bertze aldean agertu ohi zaidan horrek, zer demontre egiten dudan kanpaina honetako zurrunbiloan, eta hain trakets, nik neuk irabazi nahirik gabe bezala aurkeztuz ene burua mintzatu behar dudan leku bakoitzean, hain zuzen ere politikariei ez dagokien bezala…

Ez nau ezagutzen. Eta saiatu naiz hari azaltzea eni buruzko iritzietan oker dagoela ia beti bezala, ez al zara konturatzen nire parte hartzea handinahiak bultzaturik dagoela, jakin ezazu baldintza zehatz bat jarri niela eskatu zidatenei senatari gai zerrendan sartzeko, hirugarren lekuan, azkenekoan alegia, ni jartzea, baina inolaz ere ez senatari atera nahi ez dudalako, alderantziz baizik, badakidalako errazegia izanen litzaidakeena Nafarroa Bairen lehen aukera izanen banintz, baina ez, ez nago prest ni neu bakarrik hautatua izateko, ez nago prest Koldo eta Tere gabe Madrila joateko, izan ezazu garbi, edo hirurok Madrilen edo ni etxean…

Alferrik. Kar, kar hasi zait beiraren bertze aldetik, kar, kar burlaizetsu, zu zara zu!, burutik jota zabiltza…

Saiatu naiz bertze bide batetik konbentzitzen, baina ez al dakizu «Edo dena edo ezer ez» goiburu zahar horren jarraitzaile sutsua naizenik?, ez al dakizu denak ez duela zertan izan guztia?, ez al dakizu ezerezaren kontrakoa ez dela guztia, bai aldiz dena, badena hain zuzen, guztia edo zertxobait izanik ere?, nire handinahiak bultzatu nau, baiki, zerrenda honetako partaide izatera, ene indar guztiekin horren alde agertzera, Nafarroa Baik zerbait ongi ulertu baldin badu hauxe delako, berak ordezkatu nahi duen nafar gizarte zatia, kolore anitzetako hori, hizkuntza eta hizkera ezberdinetako hori, imajinario desberdinetako hori, mafia anitzek deusez bihurtu nahi duen gizarte zati zabal hori orain arteko ezerezatik atera behar dugula ulertu duelako, eta, berez, ezerezatik ateratzea dena lortzea delako, jadanik Nafarroa Bairi esker baden zerbait den bezala, eta horri eutsi nahi diodalako handinahi lotsagabe nauzun honek, handinahirik falta al deritzozu horrek?, ez al deritzozu dena guztia-rekin nahastea, «Edo dena edo ezer ez» goiburua «Edo guztia edo ezer ez» bertze horrekin bat egitea, horixe dela handinahirik falta, are amore ematea, ez al zaizu iruditzen «Edo guztia edo ezer ez» lelopean abstentziora jotzeak mafia horrek nahi zaituen ezereza, ezdena bihurtzen zaituela?...

Bixente Serrano Izko,
idazle eta historialaria,
Senaturako hirugarren hautagaia.